758 proposamen jaso dira Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren prozesu parte-hartzailean

  • 7 March 2018
Iruñerria

-------

Denera, 38 saio egin dira eta web bidezko parte hartzea heldu den apirilaren 7ra arte irekita egonen da

2018ko martxoaren 7a –  Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren prozesu parte hartzailearen lehen fasea 758 proposamenekin amaitu berri da. Horietatik, 679 proposamen lurralde saioetan jaso dira eta beste 79 parte hartze plataformaren bidez. Heldu den apirilaren 7ra arte irekita jarraituko du plataformak.

Joan den abenduaren 11tik otsailaren 28ra arte, azken saioa egun horretan izan zen, 18 saio parte hartzaile eta informatibo egin dira Iruñerriko 17 udalerritan, eta beste 18 saio Iruñeko auzoetan. Horrez gain, bi saio antolatu dira planarekin inplikatuta dauden administrazioetako pertsonal teknikoentzat.  Denera, saioetan 424 pertsona parte hartu dute.

Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana (IHMIP) Iruñerriko Mankomunitateak, Nafarroako Gobernuak eta Eskualdeko Hiri Garraioaren barne dauden 18 udalek sustatutako plana da, Iruñerriko herritar guztiengana iristeko helburuarekin eta planak dituen 19 ekintza estrategikoen inguruan haien ideiak proposatzeko helburuarekin.

Guztira, HMIP-ren inguruko prozesu parte hartzailean 758 ekimen jaso dira zazpi esparruen inguruan: hirigintza eta lurraldearen antolamendua, oinezkoen mugikortasuna, bizikleten mugikortasuna, garraio publikoa, ibilgailu pribatua, esparru bereziak eta zeharkako neurriak. Garraio publikoak izan da proposamen gehien jaso duen esparrua, 260 proposamenekin, hain zuzen ere. Besteak beste, aldirietako aparkalekuak ezartzeko leku posibleak eta horien ezaugarri zehatzak, udalerrien arteko komunikazioa errazteko linea zirkularrak eta zerbitzuaren tarifen hobekuntzak aipatu dituzte.
Horrez gain, herritarrek 29 proposamen aurkeztu dituzte hirigintza eta lurraldearen antolamendua esparruan. Batik bat, proposamenek diote HMIP lehenesteko garrantzia udal planen gainean. Oinezkoen mugikortasunak eta bizikleten mugikortasunak, 90 eta 124 proposamen jaso dute, hurrenez hurren.  Iruñerriko oinezkoen bideak egokitu, hobetu eta zabaldu eta konexioak hobetu eta Iruñerriko udalez gaindiko bizikleta bidea egokitzea izan dira gehien errepikatu diren proposamenak.

Auto pribatuaren inguruan 73 proposamen jaso dira, batik bat, aparkalekuen tarifak bateratzearen alde eta auto partekatuaren erabilera sustatzeko helburuarekin. Azkenik, esparru bereziak (Ikasketengatiko mugikortasuna, lanarengatiko mugikortasuna eta erosketengatiko mugikortasuna) eta zeharkako neurriak (Mugikortasun Planaren Metropoli Bulegoa eta Informazio- eta prestakuntza-estrategia) alorretan herritarren 92 proposamen jaso dira. Besteak beste, azpimarratu behar dira gertuko merkataritza sustatzearen aldeko proposamenak eta baita ere hezkuntza zentroetara autobus publikoan iristeko proposamenak. Gainera, esparru orokorreko 11 proposamen aurkeztu dira.

 

Erakusketa publikoa

Era berean, gogorarazi behar da joan den otsailaren 24tik eta heldu den apirilaren 7ra arte erabaki dela jendaurrean jartzea, 45 egun naturaleko aldi baterako, “Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana. v0 proposamenak parte-hartze prozesurako” izena duen dokumentua. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu den HMIPren 0 Zirriborroaren inguruko alegazioak parte hartze plataformaren bidez jasoko dira.

Bestalde, www.participartepmus.es webguneko parte hartze plataformaren bidez orain arte 79 proposamen jaso dira. Bertan, HMIPn planteatutako 19 estrategien inguruan herritarrek haien proposamenak egin ditzakete, bai eta berriak aurkeztu ere.

 

Saio deliberatiboak apirilean

Behin lurralde saioak amaituta, apirilaren erdialdean hasiko dira saio debileratiboak eta maiatzera arte. Horietan, ikertuko dira IHMIPko helburu eta esparruetara egokitutako proposamenak eta teknikoki, ekonomikoki eta juridikoki bideragarriak direnak.

Saio deliberatiboetan bi lan talde egonen dira, eta bakoitzak lau saiotan lan eginen du. Horrez gain, bederatzigarren topaketa bat egonen da informazioa partekatzeko. Batik bat eragile interesdunek parte hartuko dute saio hauetan, baina aurretiko izen-ematearekin herritar guztientzat irekita dago parte hartzea. Saio hauen helburua eragile eta interes talde desberdinen artean adostasun posibleak iristeko lerro estrategikoak identifikatzea da.

Adostasunen etapa amaitu ondoren, itzulera-jardunaldia antolatuko da bilera deliberatiboetan egon diren adostasun eta desadostasunen berri emateko. Aurreikusten da itzulera jardunaldia urrian eginen dela, eta batez ere, informazio saioa eta kontuak emateko saioa izanen da, batik bat, IHMIPren prozesu parte hartzaileko ekarpenen balorazioan parte hartu duten pertsonendako.

Saio deliberatiboetan adostutako proposamenak zehaztu ondoren, erabakiak IHMIP-ren Jarraipen Batzordeak hartuko ditu. Prozesu parte hartzailea kontsultibo deliberatibo ez-loteslea da. Nolanahi ere, aipatutako batzordeak deliberazio prozesura iristen diren proposamen guztiak entzun, ikertu, arrazoitu eta entzuteko konpromisoa hartu du.

Eragile interesdunen eta herritarren ekarpenekin planaren onarpena eta azken idazketari ekinen diote administrazioek.