Martxan daude Sostenibilibusa eta Mugikortasunaren Igogailua
Iruñerriko herritar guztiengana iristeko helburuarekin eta planak dituen 19 ekintza estrategikoen inguruan haien ideiak proposatzeko helburuarekin, hainbat komunikazio ekintza egiten ari dira Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana ezagutzera emateko.
Iruñerriko mugikortasuna hobetzeko ideien ekarpena egiteko zenbait bide egokitu dira, aurrez aurrekoak zein online. Gainera, herritarren eta prozesuarekin zerikusia duten eragileen parte hartzea sustatzeko asmoz, zenbait jarduera eta topaketa egingo dira hark iraun bitartean.
Horietako bat prozesuaren erakusleihoa izanen den villavesa bat da. Sostenibilibus izenekoa, hiri-autobus interaktiboa da eta IHMIP zabaltzea du helburu, prozesua eta parte hartzea sustatzeaz gain, mugikortasun iraunkorraren inguruan herritarrak kontzientziatzea da asmoa. Joan den abenduaren 13an bertan egin zen lehen dinamika Sostenibilibusean. Villavesan bidaiatzen ari zirenek planaren berri izan zuten eta post it batzuetan idatzi zuten haien proposamenak Iruñerriko mugikortasuna hobetze aldera.
Bertan eginen diren ekintzak egun zehatzetan izanen badira ere, prozesu osoan autobusak Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuaren barneko udalerri guztiak zeharkatuko ditu. Izan ere, astero lineaz aldatuko da Sostenibilibusa. Hurrengo dinamika urtarrilaren 4ean izanen da.
Herritarren ekarpenak jasotzeko helburuarekin Descalzos kaleko igogailuan beste dinamika bat prestatu genuen abenduaren 14ean. Mugikortasunaren igogailua informazio dinamikaren bidez IHMIPren parte hartze prozesua ezagutzera eman da, eta herritarrek parte hartzeko dituzten bideak jakinaraziko dira. Ahal den heinean, herritarren proposamenak jaso ziren. Hurrengo dinamika hiri igogailuetan heldu den otsailaren 2an izanen da. Laster jakinaraziko dizuegu non eginen den.