IHMIParen lehen fasearen finantzaketari buruzko proposamena onartu da

  • 22 February 2019
Iruñerria

_____________

Finantzatzeko konpromisoa gaur onartu dute, Mankomunitatearen Batzorde Iraunkorrean

2019ko azaroaren 14a – Gaur goizean, Iruñerriko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana (IHMIP) finantzatzeari buruzko proposamena onartu du.

Gaur hartutako akordioak IHMIParen lehen fase programatu bat zehazten du, 2020aren amaiera arterainokoa, administrazioen finantzaketa-aukeretara egokitua (5 milioi euro). Aurreneko fase honetan, planteatutako estrategien gaineko azterlanak egingo dira inbertsio handiago batekin (EHGaren prestazio handiko sarea, oinezkoentzako ibilbideen metropoli-sarea, bizikleten ibilbideen metropoli-sarea eta aldirietako aparkalekuen sarea), aukera desberdinak baloratuta, eta bai planean aurreikusitako jardueren inpaktuari buruzko azterlanak ikuspegi desberdinetatik, administrazio publikoen aurrekontu-ekarpena alde batera utzirik plana finantzatzeko iturri desberdinei buruzko azterlanak eta, aurreko azterlanen bilduma gisa, planaren ekonomia- eta finantza-bideragarritasunaren gaineko azterlan bat ere.

Halaber, hitzartu da “IHMIParen kutxa bakarra” sortzea, parte hartuko duten administrazioek emandako baliabideek elikatuko dutena, esklusiboki lehen fase honetarako ezarritako norainokoarekin, eta, hartara, Nafarroako Gobernuak %50 emango du eta udalek gainerako %50a. Udalen arteko banaketa honela egingo da: alde batetik, zati finko bat egongo da (guztiaren %20), udalerri guztien artean ordainduko dutena zati berdinetan; eta bestetik, zati aldakor bat (guztiaren %80), udal bakoitzak bere biztanle-kopuru ofizialaren arabera ordainduko duena, proportzioan.

Azkenik, IHMIParen gauzatze eraginkor eta integratua bermatzeko, akordioak jasotzen du mugikortasun-planaren metropoli-bulego bat edo eginkizun horiek dituen mugikortasuneko metropoli-erakunde bat egongo dela. Erakunde hori “IHMIParen kutxa bakarraren”, izendatzen zaizkion aurrekontuz kanpoko baliabideen eta biltzea lortzen den iturri desberdinetako dirulaguntzen bidez finantzatuko da.

Gogoan izango denez, Iruñerriko Mankomunitatea, Nafarroako Gobernua eta 18 udal elkarrekin garatzen ari diren Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren (IHMIP) xedea da Iruñerriko lekualdatzeetan banaketa modala arrazionalizatzea, sozialki orekatua den garapena, integratzailea eta ingurumenaren ikuspuntutik iraunkorra laguntzen duen mugikortasun baterantz berriro orientatuta.

Helburua da hurrengo hamar urteetan oinezkoen mugikortasuna, garraio publikoa eta bizikleta lehenesteko xedera iristea. Iruñerriko jarduketa-eremu osoan mugikortasun iraunkorra garatzeko plan bat da, motordunak ez diren joan-etorriak (oinezkoenak eta bizikletenak) lekualdatze guztien %50 izatea lortzeko, ibilgailu pribatuen erabilera %30era murrizteko eta garraio kolektiboaren erabilera %20ra emendatzeko.

Nabarmendu behar da plan horren gaineko erabakiak IHMIParen Jarraipen Batzordeari dagozkiola, baina desadostasunak sortzen badira Batzorde Iraunkorrera bidali behar direla proposamenak, gaur onartu den finantzaketa-konpromisoarekin gertatu den moduan.

Ondoren, IHMIParen dokumentu teknikoa Azpibatzorde Teknikora itzuliko da, eta dokumentu hori gaur onartutako finantzaketa-formulara egokituko du. Gero, Jarraipen Batzordeak berriro onartu beharko du eta Mugikortasunaren aldeko Ituna eta Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren hitzarmena izenpetu zituzten 18 udalek osoko bilkuran, Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Nagusiak eta Nafarroako Gobernuak berretsi beharko dute.