IHMIParen parte-hartze prozesuaren itzulerajardunaldia

  • 24 June 2019
Iruñerria

____

Saioa bihar egingo da, asteartea, 19:00etan, Baluarteko Luneta aretoan

2019ko ekainaren 24a – Bihar, asteartea, Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren (IHMIP) parte-hartze prozesuaren itzulera-jardunaldia egingo da. Hain zuzen, saioa 19:00etan izango da, Baluarteko Luneta aretoan, eta bertan IHMIParen behin betiko dokumentua aurkeztuko da –egun, administrazio publikoek onartzeko fasean dagoen dokumentua–, eta bai partehartze prozesuaren ondoren sartu diren ekarpenak ere. Parte-hartze prozesuan esku hartu duten pertsona guztiak gonbidatu dira biharko jardunaldi horretara, bai eta Azpibatzorde Teknikoko eta Jarraipen Batzordeko kide guztiak ere.


Erakunde publikoen arteko elkarlana

Gogoan izango denez, Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planean (IHMIP) Iruñerriko Mankomunitatea, Nafarroako Gobernua eta Eskualdeko Hiri Garraioaren esparruko 18 udalak aritu dira lanean, eta bere xedea da Iruñerriko lekualdatzeetan banaketa modala arrazionalizatzea, sozialki orekatua, integratzailea eta ingurumenaren aldetik iraunkorra den garapen bat mesedetzen duen mugikortasun baterantz bideratuta berriro. IHMIPa egiteak, horrenbestez, udalen, Nafarroako Gobernuaren eta Mankomunitatearen beraren arteko elkarlan-jardun handia ekarri du. Helburua da hurrengo hamar urteetan oinezkoen mugikortasuna, garraio publikoa eta bizikleta lehenesteko xedera iristea. Iruñerriko jarduketa-eremu osoan mugikortasun iraunkorra garatzeko plan bat da, motordunak ez diren joan-etorriak (oinezkoenak eta bizikletenak) lekualdatze guztien %50 izatea lortzeko, ibilgailu pribatuen erabilera %30era murrizteko eta garraio kolektiboaren erabilera %20ra emendatzeko. Orain arte, IHMIParen dokumentu teknikoa Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Nagusiak onetsi du, eta Mugikortasunaren aldeko Ituna eta Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren hitzarmena izenpetu zuten udaletako 15ek berretsi dute osoko bilkuran.


Prozesuaren une garrantzitsuak

2016ko irailean, Gobernuak, Mankomunitateak eta Eskualdeko Hiri Garraioaren esparruko 18 udalek IHMIPa egiteko lankidetza-hitzarmena sinatu zuten. Planaren aurkezpena 2017ko azaroan egin zen, eta une horretan hasi zen parte-hartze prozesua. Prozesu horretarako, zehazki, 36 lurralde-saio ireki eta administrazioetarako bi saio egin ziren. Guztira, 409 lagunek parte hartu dute eta 1.063 proposamen bildu dira: 874 saio horietan aurkeztu dira eta 189 partehartzerako plataformara bidali dira. Proposamen horiek zazpi arlo hauetako batera lotuta zeuden: hirigintza eta lurraldearen antolamendua, oinezkoen mugikortasuna, bizikleten mugikortasuna, garraio publikoa, ibilgailu pribatua, arlo bereziak eta zeharkako neurriak.

2018ko apiril eta maiatz artean hausnartzeko bost saio egin ziren, eta jasotako proposamenak aztertu zituzten haietan, agente edo eragile eta interestalde desberdinen artean egon zitezkeen akordioetatik ildo estrategikoak identifikatzeko xedearekin. Bihar, asteartea, egingo den itzulera-jardunaldian, hausnartzeko bileretan ezarritako adostasunak eta desadostasunak azalduko dira.